Berriak
Hemen aurkituko dituzu herritarrentzat interesgarriak diren gaur egungo gertaerak. Kategorien arabera sailkatzeko aukerarekin, albistearen titularra, deskribapena eta datak adieraziz.
LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren Lagrango Udalaren Adierazpen Instituzionala
2025/06/25
LGTBIQ+ BIZITZEK BALIO DUTE
Maiatzaren 17an, LGTBIQ+ fobiaren kontrako egunean esaten genuena errepikatzen dugu Ekainaren 28an, LGTBIQ+ harrotasunaren egunean. Harro gaudelako gure bizitzez, harro gure bizi historiaz, harro LGTBIQ+ mugimenduaz.
Komunikabide nagusienen estigmatizazio saiakerek eta manipulazioak zein eskuin muturreko diskurtsoek cis-hetero arautik ateratzen diren bizitzak ezabatu nahi dituen honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da nondik gatozen ospatzea eta aldarrikatzea. Stonewalletik Euskal Herrira, milaka bizipen, galera, aldarrikapen eta lorpen izan ditugu, baina oraindik egiteko asko dago. Eraso LGTBIQ+ fobikoen datuak gora doaz, armairuak presente jarraitzen du gure bizitzako arlo guztietan, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira… eta ondorioz gure bizitzak arriskuan daude.
Honen guztiaren aurrean, antolatzea eta borrokatzea ezinbestekoa dugu. Gure kasuan, instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak… ezartzea ezinbestekoa da. Anekdotikoak diren politikak alde batera utzi, eta estrukturalak diren horiek erdigunean jartzeko garaia da. Horretan ari gara gobernatzen ari garen hainbat udaletan, eta hori sustatuko dugu ere oposizioan gauden toki guztietan.
Horregatik guztiagatik Lagrango udalean konpromezua hartzen dugu, gure udalerriko LGTBIQ+ pertsonen bizitzen gaineko diagnostikoa egin, eta honetan oinarritutako ekintza plan integrala abiatzeko. Prozesu hau, herriko LGTBIQ+ mugimenduko kideekin batera egiteko konpromisoa hartzen dugu, eta egon ezean, erreferente eta norbanako ezberdinak aktibatzeko modua sustatuko dugu.
Era berean, animatzen zaituztegu umeentzako ipuin kontaketa antzeztuan eta Asteriskes kolektiboak LGTBIQ+ mugimenduari buruz egingo duen hitzaldian parte hartzera. Uztailaren 5ean izango dira, 11:00etan, eta Udalak antolatuko ditu, jai batzordearekin elkarlanean. Aniztasunetik eta harrotasunetik kolektiboki partekatzeko, hausnartzeko eta eraikitzen jarraitzeko gunea izango da.
Honetaz gain, dei egiten dugu Ekainaren 28aren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko, eta amaitzeko, LGTBIQ+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko, lan eta borrokatzen ari diren kide eta kolektibo guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu guztiak zoriondu nahi ditugu, harrotzeko moduko mugimendua osatzen dugulako. Gure bizitzek balio dutelako, gora ekainaren 28a!
